XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZAITEGI, ITZULTZAILE Hitzaldiño hau emateko eskaria luzatu zidatenean, Zaitegiren biografoa omen naizelako egiten zitzaidala adierazi zitzaidan.

Baliteke nik horrelako titulua izatea... baina baita gertatu ere une hauetan nahiko beldur aurkitzen naizela, zuen guztion aurrean Zaitegi zenaren gaineko zertzelada batzu azaltzean.

Zaitegi, denok dakigun bezala, bi sailetan koka genezake gure literaturaren historian: a) Literatur eragile b) Literatur egile (literaturgile).

Nik, beste behinola egin dudanaz baliatzeko, arestian hildako Mitxelenaren irudiaz alderatuko dut Zaitegirena, arrasatearraren maila nolakoa dugun ikusteko.

Zaitegik Eusko Gogoa sortu zuen.

Non eta Guatemalan! Euskal literaturari gerra ondoren iristen zitzaion lehen aukera genuen aldizkari hura, gure idazle askok gerrak sortutako etena gaindituz idazteari berrekin ahal izan ziolarik.

Egundoko mesedea egin zion Zaitegik alde horretatik gure literaturari, izan ere garaiko idazlerik gehienak EG-az baliatu baitziren bere lanak argitaratzeko.